Zure marka/diseinua/patentea/erabilgarritasun-eredua urratzen al dizute?

  • 1/1/70 1:00 AM

Marka faltsutzearen eta usurpatzearen aurkako jarduerak bi mailatan edo bi eremutan gara daitezke: produktu horiek jada Espainiako merkatuaren barruan daudenean, edo haiek Espainian sartzean (Europar Batasuneko barne-merkatuan, beraz), mugako edozein tokitatik.

Faltsifikazioaren aurkako borroka Espainiako merkatuan.

PMEBtik beti balizko arau-hauslearekin harremanetan jartzea gomendatzen dugu bide judizialera jo aurretik, komunikazio fede-emailearen (burofaxa edo baliokidea) bidez, eta judizioz kanpo errekeritzea, babesten duten eskubideak urratzen dituen jokabidea bertan behera uzteko. Ekimen hori dagoeneko burutu baduzu eta ez baduzu arrakasta izan, salaketa jartzea litzateke hurrengo pausoa. Komenigarria litzateke jabetza industrialean aditua den abokatu batekin harremanetan jartzea; horretarako, Jabetza Industrialeko Agenteen Elkargo Ofizialarekin harremanetan jartzea gomendatzen dugu, www.coapi.org web-orrialdean.

Behar bezala erregistratutako jabetza industrialeko eskubideen aurka egindako delituak ofizioz jazar daitezke. Nolanahi ere, dagokion salaketa jarri ahal da. Horretarako, jar zaitez harremanetan Estatuko Segurtasuneko Indar eta Kidegoen telefono eta helbideetan: Polizia Nazionala (091) Udaltzaingoa (092). Halaber, gertuen duzun Guardia Zibilaren zerbitzura ere jo dezakezu, edo 062 telefonora deitu.

Salaketa idatziz edo ahoz, deklarazio gisa, egin ahal izango da. Bertan, salatzailearen nortasuna eta gertakariari eta inguruabarrei buruz dauden berri guztiak jasoko dira; datu horiek oso lagungarriak dira Estatuko Segurtasuneko Indar eta Kidegoen jarduna bideratu eta bizkortzeko.

Salaketa telefono bidez ere jar dezakezu 902 102 112 zenbakira deituta. Ondoren, sinatzera aurkeztu beharko duzu hura berresteko, kasuaren datu guztiak eman eta jaso ditzakeen froga guztiak aurkeztuta. Informazio gehiago aurki dezakezu hemen: www.policia.es

Bestalde, eta ofiziozko esku-hartzeetarako, Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoak jabetza industrialaren aurkako delituak behar bezala jazartzeaz arduratzen den harreman-gunea du 1999ko urte hasieratik. Harreman-gune horren bidez, PMEBk modu aktiboan jarduten du Estatuko Segurtasuneko Indar eta Kidegoekin, eta jabetza industrialeko eskubideen titularrei eta Bulegoan haien ordezkari gisa aritzen direnei buruzko informazioa ematen du, denbora errealean. Hauek dira harremanerako gunearen ezaugarriak:

  • Faxa: (91) 349 68 56
  • Telefonoa: 902 157 530 / 910 780 780 / 913 496 817 
  • Helbide elektronikoa: Tribunales@oepm.es

Pirateriaren aurkako borroka aduanetako mugetan.

Aduana-agintaritzek ofizioz jardun dezakete, pirateriaren eta marka-usurpazioaren aurkako borrokari buruz indarrean dagoen Erkidegoko araudiak ematen dien gaikuntzaz baliatuta, eta Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoak aurreko atalean adierazitako modu berean eskaintzen die laguntza. Hala ere, eta aurrekoaren kalterik gabe, interesdunek esku hartzeko demanda ere aurkez dezakete, ustez jabetza industrialeko eskubideak urratzen dituzten salgaiak atxiki daitezen. Demandak Aduanen eta Zerga Berezien Sailari dagokion Aduanen Kudeaketako Zuzendariordetza Nagusira bidali behar dira.

Eskubideak badaudela eta horiek indarrean daudela egiaztatzen duen eskabidea eta dokumentazioa aurkeztu ondoren, eta horiek ikusita, salgaiak atxikiko direla erabaki ahal izango da eta, hala, banaketako kanal komertzialetan sartzea eragotziko da. Salgaiak denboraldi batez baino ezin daitezke atxiki. Demanda egin behar da edo, bestela, dagokion kautelazko neurria hartzeko eskaera, gehienez ere 10 eguneko epean.

Administrazio Zergaren Estatu Agentziaren web-orriak informazio gehiago ematen du kasu horietan jarraitu beharreko aduana-prozedurei buruz:

Zerga Agentzia-Jabetza Intelektualaren Babesa

© Oficina Española de Patentes y Marcas, 2019